Edukien banaketarako sarea

Edukien banaketarako sarea (ingelesez Content delivery network edo Content distribution network, CDN) datuen kopiak gordetzeko ordenagailuen sare handiak dira. Helburua interneteko bezeroen datu hauetarako atzipena azkartzea da banda zabalera maximizatuz. Bezero batek zerbitzari bateko edukiak zerbitzaritik bertatik jaitsi beharrean, posible da CDN sarean dagoen makina batetik zerbitzarian dagoen edukiaren kopia bat jaistea. Honek botila lepoak ekiditen ditu edukien hornitzaile den zerbitzari ondoko sareetan.

Edukien banaketarako sare hauek nahiko ezagunak egin ziren 1990. hamarkada azkenetara. CDN-ek web cache bezalako edukien banaketa sistemak ez bezala, beste filosofia bat jarraitzen dute. Kasu honetan ordaintzen duten bezeroak ez dira ISP bezeroak, baizik eta edukien banatzaileak. Edukien banatzaile batek (Yahoo, MSN edo dena delakoa) CDN konpainia bati (Akamai esaterako) ordainduko dio bere edukiak zerbitzariari atzerapen gutxiagorekin helarazteagatik.

Edukien artean, hala nola, web objektuak, aplikazioak, denbora errealeko multimedia fluxuak, software-a, dokumentuak eta interneteko bestelako datuak (DNS eta bideraketa taulak esaterako) aurki ditzakegu.

CDN konpainia batek, normalean, honela eskaini ohi du bere zerbitzua:

  1. CDN konpainiak ehunka CDN zerbitzari instalatzen ditu interneten zehar. CDN konpainiak orokorrean zerbitzari hauek interneteko host zentroetan, hots, host zerbitzariz beterik egoten diren eraikinetan, kokatu ohi ditu.
  2. CDN-k bere bezeroen zerbitzarien edukiak CDN zerbitzarietan kopiatzen ditu eta bezeroren batek bere zerbitzariko edukiak eguneratzen baditu (web orrialderen bat eguneratuz esaterako) CDN-k bere zerbitzarietako edukiak eguneratzea aginduko du.
  3. CDN konpainiak erabiltzaile batek edukiren bat eskatzean erabiltzaile horretatik gertuen dagoen edo kongestio gabeko bide azkarrenetik lotua dagoen zerbitzaritik hartzea ahalbidetuko dion mekanismo bat du.

Hortaz, lehenik eta behin, edukien banatzailea den CDN bezeroak hedatzea nahi duen edukien berri eman beharko du. CDN zerbitzariak behin eduki hauek jaso ondoren, bere zerbitzari guztietan zehar hauen kopia bat banatuko du. Posible da CDN konpainiak sare pribatu bat izatea bere zerbitzari desberdinak lotzeko.

Edukien hornitzaileak CDN zerbitzarietan zehar banatua duen edukiren baten aldaketaren bat egiten badu, bertsio berritua CDN nodo batera bidaliko du eta hau arduratuko da azken honen kopia bat CDN zerbitzari guztietara helarazteaz.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne